Nafarroak pandemia aurreko ordutegi eta edukierak berreskuratu ditu

28 iraila, 2021
By

Foru Gobernuak egun ezarrita dauden arauak indargabetu ditu, oinarrizko babes neurriak izan ezik: maskararen erabilera eta COVID-19a duten pertsonen derrigorrezko bakartzea

 

Covid neurriak 2021-9-30

 

2021eko irailaren 28a. María Chivite, Nafarroako Lehendakariak, gaur goizean izandako prentsa agerraldian, urriaren 1etik aurrera, ostiraletik, Foru Komunitatean koronabirusaren pandemiaren aurretiko edukierak eta ordutegiak berreskuratuko direla iragarri du.

Hala, bertan behera geldituko dira Nafarroan indarrean ziren neurriak, salbu eta oinarrizko prebentzio neurriak; besteak beste, maskararen derrigorrezko erabilera barnealdean eta kalean 1,5 metroko tartea mantendu ezin denean eta COVID-19ko gaixoen derrigorrezko bakartzea.

Gainera, Osasuneko Lurralde Arteko Kontseiluan hartzen diren erabakiak Foru Komunitatean ere aplikatuko dira; hala nola, kirol profesionalarekin eta hezkuntzarekin lotutako erabakiak. Azken arlo horri dagokionez, Lehen Hezkuntzan ez da gela osoa bakartu beharko positibo bat antzematen denean. Hala ere, bizikidetza-talde osoari egingo zaizkio PCR probak orain arte bezala.

Egun, Nafarroan zortzi astez jarraian jaitsi dira kasu positiboak: uztailaren amaieran 2.993 izan ziren, eta azken astean 144.

14 eguneko intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 53 kasukoa da eta 7 egunekoa berriz, 21 kasukoa. Egiten diren proba diagnostikoen positibotasun-indizea %1 ingurukoa da, eta erreprodukzio-kopurua (R0) 0,7koa. Osasun-arretari dagokionez, gaur egun 12 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIUetan) eta 27 plantan. Egun, 12 urtetik gorako hamarretik ia bederatzik (%88,3) txertaketa-pauta osoa dute, eta biztanleria osoaren hiru laurdenek baino gehiagok (%77,7).

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA